XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hirurok izan genituen hango andereekiko harreman sentimentalak.

Patuak nahi izan zuen Tomas eta biok, Portugaleten aspaldiko emaztegaiak genituenok, Urduñan bi emakume ezkondurekin ibil gintezela, konpromezugabeko Fermin Iza ezkongabe batekin aritu zen artean.

Oso gutxitan aritzen ginen horretaz hizketan, baina seguru nago, emakume haien ezti goxotik urrundutakoan Tomasek niri sartu zitzaidan damutasun zentzazio berbera sentitu zuela.

Gertatuak gertatu, dena dela.

Urteak igarota, horretaz pentsatzean bi gauza datozkit burura: damutasuna eta harrotasuna.

Lehenengoa aintzinatik etorrita, gaztetan izan nuen sentimendua, oraindino dirauena; bestea, aitzitik, gogora etorri berria, zahartzarora heltzean gaztetan egin denagatik sentitzen dena, hain zuzen ere.

Dona Maria Kofradian egotearekin loturik zeuden gure amodio debekatu horiek.

Sartu berriak ginelarik, urteroko bazkaria egingo zela esan ziguten.

Hara joan ginen behar genuen ospea eskuratzeko asmoz, zerbait gehiago erdietsiko genuela susmatzeke.

Gazta oparo, gazitutako bixugu eta arenke, normalean Urduñan okela jaten bazen ere, eta bi pastel mota, mahaspasaz eta aranez eginikoak ziren bazkarirako.

Bapo bazkaldu genuen; eta edan ere, Errioxako ardo bikaina.

Egun horretan kofradeen emazteek eta familiakoek joan ahal izan zuten.

Sinestekoa ez den arren, jateko eta ardo lurrunetan murgildurik, fededun amorratu hauek zirrika hasi ziren erdi ezkutuan, gaztetxoak bailiran, bata bestearen emaztearekin, bestea lehenengoarenarekin.

Gero eta eskandalizagarriagoa zen.

Beranduago, arratsalde beheran batzu ezagertu ziren, agian bekatuak ostentzearren.